2010/05/25

Muruetaganeko (Antoliñe) Sai zuriak

Sai zurien bikotea duela 10 urte hasi zen Arteagako Muruetaganera (Antoliñe) etortzen eta ia urtero bertan izan dira otsailaren amaieratik abuztuaren amaiera arte. Zoritxarrez, bereziki eskalatzaileek eragindako eragozpenak direla eta, arrautzak soilik lau alditan jarri ahal izan dituzte, eta txita behin bakarrik atera da aurrera, 2008an hain zuzen.
2003an eskalada arautzen duten txartelak jarri ziren bertan, baina hala ere, urtero doa eskalatzaileren bat edo beste debekatuta dagoen sasoian eta eragozpen handia eragiten diete hain egoera larrian dauden sai zuriei. Aurtengo udaberrian ere jendea ibili da eskalatzen eta ez dakigu bikoteak txita aurrera ateratzea lortuko duen.
Beste hegazti batzuekin gertatzen ez den bezala, sai zuriak lasaitasun eremu zabala behar du habiaren inguruan eta Muruetaganeko horma hain txikia izanik beharrezkoa da txitaldian eskalada debekatzea, otsailaren 15etik abuztuaren 31ra.

Argazkiko sai zuriaren txitari 2008an SEAR (Sociedad para el Estudio de las Aves Rapaces) elkartekoek eraztuna jarri zioten bere jarraipena egin ahal izateko.
(Aitor Galarza Urdaibaiko basozainak eskainitako datuak eta argazkiak)