2012/10/10

STOP ZABORRARI UNTZILLATX HEGOALDEKO APARKALEKUAN (URKIOLA)


Guztioi datorkigu noizean behin bapateko kakagurea eta prakak jaitsi behar izaten ditugu ustekabeko toki zein uneetan. Ez da aitzakia gure kaka mokordoarekin mendia apaintzeko eta papera edozein tokitan uzteko.

Hain jendetsua den Untzillatx Hegoaldeko aparkalekua, Gatzaieta baserriaren ondoan dagoena, mendiko komuna bihurtzen ari da azken aldian. Eskalatzaileok erabili ohi dugu gehienbat eta gogora ekarri behar da aparkalekua lursail pribatu batean dagoela, beraz begirunez jokatu beharko genuke bertan aparkatzen jarraitu nahi badugu; jabea astebururo zaborra jasotzeaz kokoteraino dago.
Aholku xume batzuk arazoak saihesteko:
  • Ez bota zaborra.
  • Kaka egiteko aparkalekutik urrundu eta gorotzak lurperatu (kakalekurik ez dagoen bitartean).
  • Ez bota komuneko papera mendian.
  • Lursail pribatuak, hesiak, zelaiak eta baserriak errespetatu.
  • Ez oztopatu pasabideak ibilgailua aparkatzerakoan.
  • Baterian aparkatu.