2013/02/21

ALDAKETAK ESKALADAREN ARAUTZEAN


Duela gutxi, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak eskaladaren araudiaren eskupaperak zintzilikatu ditu bere Webgunean, pdf formatuan. Bi eskupaper dira, bata Urkiolako Parke Naturaleko eskalada guneena eta bestea Bizkaiko beste zonaldeena. 2012 urtean zehar, eskalada debekuen eta guneen berrikuspena egin zen eta hainbat aldaketa egin dira.
Batetik, azken bi urteotan sai zurien habietan txitak ikusi izan dira nahiko berandu, irailaren lehen hamabostaldian (abuztuaren amaierarako alde egin ohi zuten normalean). Hori dela eta, eragozpenak ekiditeko asmoz, eskaladaren debekualdiaren data irailaren 15era arte luzatu da (orain arte abuztuaren 31ra arte zen). Gainera, eskaladaz gain basoko lanak mugatu egin dira ere habien inguruan data berdinetan. Dataren aldaketak ondoko guneei eragiten die:
  • Atxurtuko orratzak (Atxarte)
  • Aranagako arroila (Galdames)
  • Ipizte (Parque Natural de Urkiola)
  • Itxina (Atxaragun eta Betondegi bitartean)
  • Koabe (Mugarra)
  • Muruetagane
  • Santa Eufemi (Urregarai)

Bestetik, 3 gune berri mugatu dira orain arte eskaladaren arautzerik ez zutenak:
  • Ordunte (Batasunaren Garrantzizko Lekuaren harkaitzezko malkarrak). Eskalada debekatuta urte osoan.
  • Sopeñako harkaitzak (Armañongo Parke Naturala). Eskalada debekatuta urte osoan.
  • La Herrerako hormak (Zalla). Eskalada debekatuta otsailaren 1etik ekainaren 30era.
Beste erregulazio guztiek orain arte bezala jarraitzen dute. Eskupaperak blog honetatik (eskumaldean) edo Bizkaiko Foru Alundiaren Webgunetik kontsultatu eta jaitsi daitezke.
Norbaitek arautze hauek ezartzeko burutu diren txostenak kontsultatu nahi baditu ondoko helbidera jo dezake:
Bizkaiko Foru Aldundia
Ingurumen Saila
Errekalde Zumardia 30, 4. solairua
48009 Bilbao
Tel: 944068622